ASTE NAGUSIA 2026: ARGIAREN, KOLOREAREN ETA SOINUAREN FESTA
Abuztuaren 8tik 15era, Donostiako Aste Nagusia ospatuko dugu. Egun hauetan, haur zein helduentzako jardueraz beteriko egitaraua egongo da. Baina bada gauero 22:45ean badiaren aurrean milaka pertsona biltzea lortzen duen ekitaldi bat: Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, Donostiako jaien ikur bat.
Donostia Kulturak eta Donostiako Udalak antolatzen dute lehiaketa, eta aurten 61. edizioa izango da. Munduko lehiaketa pirotekniko ospetsuenetako bat da, 1964. urtean sortu zen, eta orduz geroztik nazioarteko konpainia ugari biltzen ditu bere suekin lehian. Hain zuzen ere, suen inguruan sortzen den festa islatzen du aurtengo kartelak, eta egilea Jorge Elósegui Astrain diseinatzaile donostiarra da, Estudio Primo konpainiakoa.
2025eko edizioan, Pirotecnia Valencianak irabazi zuen Urrezko Maskorra, eta aurten bere ospea defendatzera itzuliko da. Gainera, abuztuaren 15ekoa ikuskizun berezia izango dugu: Valecea piroteknia euskal enpresak 150. urteurrena ospatuko du.
Ikuskizunaz ahalik eta gehien gozatzeko, Kontxako badia eszenatoki paregabea da. Portua, Pasealeku Berria, Alderdi Ederreko lorategiak edo Kontxako pasealekua bera dira toki hoberenetako batzuk zerua argiz, kolorez eta soinuz gauero nola argitzen den ikusteko. Aste Nagusian Donostia bisitatzen baduzu, abuztuko gau bakoitza oroitzapen ahaztezin bihurtu daitekeela ikusiko duzu.

